Erabat arrakastatsua izan da HFEren udako futbol eskola
Berrehundik gora umek parte hartu dute 2020ko Hondarribia Futbol Elkarteak antolatutako udako eskolan, %91 bertakoak, eta %9 Bidasoaldekoak.
Oztopoak oztopo 2020. urteko udako eskola erabat arrakastatsua izan dela jakinarazi du Hondarribia Futbol Elkarteak (HFE). Bi txanda egin dituzte denera, eta horietako bakoitzean 104 umek parte hartu dute, 208 haur guztira. Futbol eskolan izan diren haurren %91 Hondarribikoak dira, eta %9 Bidasoaldekoa.
Eskaera kopuru handia jaso du HFEk aurtengo eskolarako; areago, 48 ordutan agortu zirela leku guztiak eta laurogei eskaerari ezin izan diotela erantzunik eman azaldu dute. Hori dela eta, datorren udararako kopurua berrikusteko konpromisoa agertu du zuzendaritzak.
Era berean, klubeko kide, jokalari edo jokalari ohi izandako hamasei begiralek eta bi koordinatzailek lagundu dituzte futbolari gaztetxoak une oro.
Protokoloa
Koronabirusaren aurkako borrokan protokoloa ezarri duela HFEk jakinarazi du zuzendaritzak, eta hartutako neurri horien artean, besteak beste, egunero tenperatura hartu zaie parte hartzaileei, sartzeko ordutegi ezberdinak ezarri dituzte pilaketak ekiditeko, gel hidroalkoholikoa erabiltzea derrigorrezkoa izan da, hamabi lagun baino gutxiagoko taldeak osatu dira….
Azkenik, kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izateko helburuarekin, aurtengoan ez zaiela ekipamendurik banatu umeei jakinarazi du klubak. Hala ere, norberaren gozamenerako baloi bana oparitu zaiela erantsi dute.