Gaintxurizketa inguruan agertutako hondakinak garbitzeko eskatu dio Eguzkik udalari
Kontrolik gabeko zabortegi bat sortu ez dadin luzatu dio eskaera talde ekologistak Irungo tokiko gobernuari.
Gaintxurizketa inguruan norbanakoren batek utzitako hondakinen harira salaketa egin nahi izan du Eguzki talde ekologistak. Etxe bateko altzariak dira bertan botatakoak, tamaina handikoak horietako asko, eta herritar gehiagok adibidea kopiatzeko aukera izan aurretik horiek jasotzeko galdegin dio Irungo Udalari «kontrolik gabeko zabortegi bat» sor ez dadin.
Ingurumena zaintzea denon ardura dela gogoratu du talde ekologistak, eta gizalegez jokatzera deitu ditu herritarrak. Txingudiko Garbigunea kilometro batera dagoela ere nabarmendu nahi izan du taldeak.