[Galeria] Hondarribiko banderak, Orio eta Santurtzira
Ama Guadalupekoa traineruko gizonek hirugarren postua eskuratu dute azkenean; emakumeak Arraun Lagunaken aurkako lehia bizian aritu dira nahiz eta azkenak sailkatu diren.
Hondarribiko XXXIII. Bandera eta Txingudiko XII.a jokatu dira gaur Eusko Label eta Euskotren ligen barruan, hurrenez hurren. Orio izan da emakumeen artean azkarrena, eta Santurtzi gizonetan. Gaur, larunbatarekin jokatu dira bandera, 17:40ean hasita, eta jende pilaketak ekiditeko neurri zorrotzak hartuta. Hondartza eta inguruak lasai egon dira, eta bozgorailuetatik behin eta berriz eskertu dute herritarren jarrera.
Orio izan da Euskotren Ligako estropadaren jaun eta jabea lehen luzetik aurrera, Donostiarra traineruari aurrea hartu ondoren. Txingudiko XII. Bandera – Mapfre Sari Nagusiaren irabazleak 10:46.70 denbora eginda bukatu du, Donostiarrari 7 segundoko errenta lortuta. Ziabogak argi utzi du ontzi horiaren nagusitasuna, eta aise bukatu dute lehen postuan. Hondarribia azkena sailkatu da Arraun Lagunak ontziarekin lehia bizia izan ondotik. Patroi onenaren saria Donostiarra eskifaiako Natalia Tubiak jaso du gaurkoan.
Ama Guadalupekoa
Esuko Label ligak maila handiko estropada eskaini die zaleei gaurkoan. Santurtzik eskuratu du XXXIII. Hondarribiko Bandera – Mapfre Sari Nagusia, eta Urdaibai izan da bigarren. Hondarribia, bere aldetik, nagusi izan da bigarren txandan, eta lortutako denborari esker (19 48.34) bigarren postuan sailkatu da azkenean.
Zarauztarra, Ares, Ondarroa eta Kaiku atera dira lehen txandan. Zarauzko trainerua nagusitu da lehen luzean, nahiz eta pixkanaka errenta galduz joan den. Ondarroako eskifaiak distantzia irabaztea lortu du, eta parekatuta geratu dira biak azkenean. Lehen ziaboga iristean, ordea, Ondurroa segundo batera sarrtu da, Ares bira, eta Kaiku hamarrera. Bigarren luzean zehar Kaiku estropadatik kanpo geratu da, Zarauztarratik 12 segundora. Ondarroak aurrea hartu dio azkenean Zarauztarra ontziari, segundo bateko errenta irabazita lehia bizian aritu dira bi ontziak lehen postuan sailkatzeko borrokan. Hala eta guztiz ere, ontzi bizkaitarrak errenta baliatzen jakin du eta 3. zaiabogatik aterata bost segundo irabazi ditu lehen postuan sailkatuz 20.12.27 markarekin.
Bigarren txandan aritu da Ama Guadalupekoa. Hirugarren kalea bete dute berdeek, eta lehia handia izan da Hondarribia, Cabo da Cruz eta Zierbena artean une oro. Galizako ontzia kokatu da lehena hasieran, baina lehen luzea bukatu aurretik Ama Guadalupekoa zen lehena. Ziabogan berriz, Zierbenak pare-pare ateratzea lortu du etxekoekin batera. Hala eta guztiz ere, Ama Guadalupekoak aurre hartu dio eta eta bigarren ziabogan zazpi segundo atera dizkio Zierbenari. Hondarribia nagusitu da azkenean estropadan, etxeko uretan arraunean.
Ohorezko txandan Santurtzi, Donostiarra, Bermeo Urdaibai eta Orio lehiatu dira. Parekatua hasi da azken txanda, eta oso berdinduta egon da norgehiagoka lehen luzean. Santurtzik egin du denborarik onena, lau segundo irabazita Bermeori. Hala, bigarren zaibogan ere nagusitu da talde bizkaitarra eta hirugarren luzean hamabi segundoko errenta irabaztea lortu du. Azken luzean Santurtzik ez du areriorik izan eta aise lortu du lehen postuan sailkatzea 19:30.18 denborarekin.
Zierbenako eskifaiak bigarren ziabogan GPS seinalea galdu ondoren patroi onenaren saria iragan asteko Iñigo Larrinagari berriz ere ematea ebatzi du antolakuntzak.
Ondokoa da arratsaldeak utzitako irudi sorta: