Monteroko minda putzuen deskontaminazioa bukatzear delako kontent agertu da EAJ
Deskontaminazioa bukatuta Olaberria bailararen babeserako plan berezia aktiba dezan galdegin diote jeltzaleek PSE-EEren udal gobernuari.
Monteroko hiltegiak Olaberrian zituen lau minda putzuen deskontaminazio lanak bukatzear daudela-eta asebete agertu da EAJren udal taldea. Hainbatean egindako eskaera izan da deskontaminazioarena jeltzaleen arabera, eta oso urrats «garrantzitsua» dela iritzi dio Olaberria harana berreskuratzeko bidean.
Hori horrela, Olaberria Babesteko Plan Berezia aktibatzeko galdegin dio EAJk tokiko gobernuari, «eremu berde eta berezia pixkanaka berreskuratzeko». Izan ere, Olaberriak babes plan berezi bat duen arren, «zoritxarrez azken urteotan plan horrek ez du aurrerapen garrantzitsurik izan». Hori dela eta, aurrerapausoak ematen jarraitzeko eskatu dio udal taldeak gobernu taldeari, «Irungo hiritarrei gune berde, natural eta babestu bat eskaini ahal izateko».