Ekitaldia egin dute udalak, profesionalek eta Behemendik Botika Agroaldean
Tokiko gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, Zimizargako baratze profesionaletan elkartu dira ordezkariak lehen sektorearen aldeko apustua berresteko helburuarekin.
Botika Agroaldeko baratze parkean ekitaldia egin zuten atzo Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak, Behemendi elkarteko Mikel Zendoiak eta Leire Etxaide eta Mikel Huarte nekazari profesionalek. “Lehen sektorearen aldeko apustua” berretsi nahi izan du tokiko gobernuak era honetan. Areago: «Tokiko produktua sustatzen eta balioesten ari da udala Hondarribia Abian Enplegu eta Garapen Ekonomikorako planaren esparruan”.
Atzoko ekitaldiaren ondoren, panel informatiboa jarri zuten Agroaldean bertan egiten den lana nabarmentzeko helburuarekin, Zendoiak esan zuenez. Halaber, bertako profesionalen filosofia, lurrarentzako abantailak eta bertako produktuen kontsumoa goratu zituen Behemendiko ordezkariak.
Agroaldea 2014ean martxan jarri zenetik hainbat ekintza eta inbertsio egin dira, udalak esan duenez. Baratze parkea osatzen duten hiru lursailak azpiegiturez hornitzen joan da udala pixkanaka. Silanesen hitzetan, haien helburua, besteak beste, “zero kilometro nekazaritzaren alde egitea eta kalitatezko produktua” eskaintzea da.