HAPOaren aurkako epaiari kasazio errekurtsoa jarriko dio udalak
EAJk gehiengoa baliatu zuen atzoko osoko bilkuran Auzitegi Gorenean helegitea jartzea onartzeko; horrekin batera, antolamendu plan berri bat izapidetzen hastea erabaki zuen udalbatzak.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 164/2020 epaiari kasazio errekurtsoa sartuko dio udalak. Hala erabaki zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak, EAJren botoak medio, nahiz eta oposizioa bere osotasunean prozeduraren aurka azaldu zen. Horrez gain, plan orokor berri bat izapidetzen hastea ere onartu zuen udalbatzak.
Txomin Sagarzazu alkateak “neurrigabetzat” jo zuen beste behin plan orokor osoa telekomunikazio eta balio agrologikoari buruzko txostenen faltagatik indargabetu izana. Areago, helegitearen aldeko argudio sorta eman zuen agintariak, eta Espainiako hainbat herritako adibideak izan zituen hizpide, plan orokorraren baliogabetzea bertan behera uztea lortu duten helegiteak alegia.
“HAPOarekin berarekin koherentziagatik egiten dugu, 2017an onartu baitzen administrazio guztien oniritziarekin prozesu luze baten ondoren, eta uste dugulako segurtasun juridikoa ematen duela”, adierazi zuen Sagarzazuk. HAPOa ez dela dela soilik Zaldunborda erantsi zuen, “etxebizitza publikoa ere bada Presan eta Damarrin, Mendelu Eskapatxulon…”.
Hortaz, lankidetzarako prestutasuna eta ondorio guztiak aurreikusteko galdegin zien azkenean alkateak gainontzeko udal taldeetako zinegotziei: “Azterketa sendoa egin dugu eta ondorioengatik zuen baiezkoa eskatu nahi dugu”.
Oposizioaren ezezkoa
Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk ez zuten begi onez ikusi EAJren udal taldearen proposamena. Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramaileak orain arteko jarrerari eutsi zion eta errekurtsoa jartzeak “ezjakintasun juridikoa” eragiten duela nabarmendu zuen “doktrina ezarrita baitago”. Ildo horretan, hainbat adibide jarri zituen hautetsiak, eta “autokritika falta” egotzi zion EAJren udal gobernuari ondorioak “oso larriak” direla ohartaraziz. “Kontra bozkatzea lankidetzarako ateak ixtea bada, guk sinestuta kontra egingo dugu”, erantsi zuen.
Ildo beretik mintzatu zen sozialisten udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak, eta Zaldunbordako outlet erraldoia onartu zenetik “mugimendu arraroak” izan direla adierazi zien jeltzaleei. Segurtasun juridiko “eza” egoteaz gain, kasu honetan ere, “autokritika falta” leporatu zion tokiko gobernuari. Gainera, HAPOaren aurkako beste errekurtso bat izapidetzen ari direla auzitegiak esan zuen. “Errekurtsorik ez jarri eta goazen plan berri batean lanean hastera. Oker zaudetela uste dut, hau nirekin edo nire kontra bada ere”.
Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak argi utzi zuen ez zituela gainontzeko udal taldeek adierazitako ondorioak errepikatuko, eta labur erantzun zuen “herri ereduan” fokua jarriz: “Eztabaida ez da juridikoa, soziala eta ekonomikoa da. Herri eredua dago jokoan”. Gainera, eztabaida politikoaren “aurkakoak” zirela gai ordenaren hurrengo puntua ikusita gaineratu zuen koalizioko kideak.
Oposizioko hiru alderdiek plan berria diseinatzen hastea eta errekurtsoa jartzea kontraesankorra dela jakinarazi zioten alkateari. Kritikak kritika, plan berria lantzearen aldeko jarrera erakutsi zuten alderdi guztiek, baita lankidetzarako eskua eman ere, eta aho batez onartu zuten azkenean.
Luze jo zuen atzoko Hondarribiko Udalbatzaren ezohiko osoko bilkurak eta ia hiru ordu eta erdiz luzatu zen eztabaida, ateak itxita, soilik ezinbesteko udal ordekarien parte hartzearekin. HITZA-k atalka emango du hartutako erabakien berri.