Kolon pasealekuan bidegorri bat eraiki nahi du EAJk
Bidegorri bat eraikitzeko proposamena helarazi berri diote udal gobernuari. «Ez du ia aldaketarik eragingo ibilgailuen zirkulazioan, baina oinezkoengan eta bizikleta eta patineteen erabiltzaileengan segurtasuna bermatuko du», diote jeltzaleek.
Irungo EAJk agerraldia eskaini du gaur batzokian. Bertan, udal gobernuari honako proposamena egin diote: Kolon pasealekuan bidegorri bat ahalbidetzeko aukera aztertzea. «Bidegorri horrek, herritarrek gehien errepikatzen duten beharretako bati erantzuteaz gain, hiri garbiago, seguruago, adeitsuago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz urratsak emateko aukera eskainiko lioke Iruni», esan du taldeko bozeramaile Xabier Iridoyk.
Azken urteotan mugikortasun eraginkorrerako pausu gutxi ematea leporatu diote Jose Antonio Santanoren taldeari, «adabaki eta inprobisazio asko ikusi» dituztela. Gainera, Kolon pasealekuko erabiltzaileengan bizikleta eta patineteen joan-etorriek kexak eragin dituztela nabarmendu dute.
Kolon pasealekuko bidegorria eskuineko bidean eraiki nahi dute jeltzaleek, «bi noranzkotakoa, neurri zabalekoa, autoetatik eta motorretatik ondo babestutakoa eta ongi seinaleztatutakoa». Paselekuko hiru erraietako bat probestu nahi dute bidegorriaren noranzko bat egiteko. «Proposamen horrek ez du ia aldaketarik eragingo ibilgailuen zirkulazioan, baina oinezkoengan eta bizikleta eta patineteen erabiltzaileengan segurtasuna bermatuko du», erantsi du bozeramaileak.