Irunek frankismo garaian jasandakoa, mapa batean
1936ko gerrarekin eta diktadurarekin zerikusia duten Irungo gertaerak ezagutzera emateko helburuarekin sortu du mapa Nicolas Guerendiain elkarteak. Online bidez kontsulta daiteke.
Nicolas Guerendiain elkarte errepublikanoak frankismo garaian Irunen gertatutakoa argitara ateratzen jarraitzen du. Hilabete luzeko ikerketa lanen ondorioz, mapa berri bat osatu dute, diktaduran irundarrek jasandakoaren ingurukoa. «1936ko gerrarekin eta diktadura frankistarekin zerikusia duten Irungo gertaerak ezagutzera emateko helburuarekin sortu dugu mapa», esan dute elkartekoek gaurko aurkezpenean.
Irungo defentsaren puntu estrategikoak irudikatu dituzte mapan, baita ere zer nolako eragina izan zuen altxamendu militarrak hirian. Horretarako, gertaera zehatzak, fusilamenduak, esklaboak, kartzelak eta bestelakoak bildu dituzte. Mapa kontsultatzeko, esteka honetara jo beharko da.