Ikastaroen eskaintza zabala eskainiko dute kiroldegiek abuztuan
Hirurogei ikastaro eta 500 plazatik gora eskainiko dituzte Artalekuk eta Azken Portuk datorren hilabetean.
Azken Portu eta Artaleku kiroldegiek euren eskaintza zabalduko dute abuztuan, Irungo Udalak plazaratu duenez. Hirurogei ikastaro eskainiko dituzte (33 igeriketakoak eta 27 gainontzeko diziplinetakoak) eta guztira, 529 lagunentzako tokia izango dute (222 igeriketarako eta 304 besteetarako). Hala, igeriketaz gain, zumba, wellness, aerobic, pilates, yoga… praktikatzeko aukera izango dute irundarrek.
Gaurtik hilaren 21era arte izena eman ahal izango dute bazkideek, eta hilaren 22tik aurrera eta leku libreak geratuko balira, gainontzeko herritarrek. Izena emateko interesa duten lagunek Irun Txartelaren bitartez egin beharko dute ondoko helbide elektronikoan.
Udalak segurtasun neurri guztiak betetzeko eskatu die erabiltzaileei, eta jakinarazi duenez, eskolak hamabost minutu laburragoak izango dira garbiketa eta desinfekzio lanak egin ahal izateko. Era berean, segurtasun neurriak bermatzeko zailtasunak direla eta, txikienen igeriketa ikastaroak momentuz ezingo dituztela eskaini erantsi dute.