Gabarrariko beilatokiko lanak eten ditzan galdegin dio PSE-EEk udal gobernuari
HAPOaren aurkako sententziaren ondorioz, Gabarrari kaleko proiektuak "gutxieneko lege oinarriak" urratzen dituela uste du Iosu Alvarez bozeramaile sozialistak.
Gabarrari kaleko beilatokiko lanak bertan behera utz ditzan eskatu dio gaur Iosu Alvarez PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak EAJren udal gobernuari. Komunikabideetara igorritako ohar baten bitartez luzatu dio eskaria talde sozialistak jeltzaleari, HAPOaren aurkako sententziak beilatokiaren proiektua indargabetzen duela argudiatuta. Hortaz, “proiektua legalki” egikaritu daitekeen azter zedin Hirigintza batzordera berriz ere eraman ez izana deitoratu du Alvarezek.
Talde sozialista egitasmoaren aurkakoa izan dela hasieratik gogorarazi du, halaber, bozeramaileak: “Poriektuaren izapidetzeak hasieratik hamaika arazo eragin ditu. Lehenik eta behin, txosten teknikoa oposizioari ezagutarazi gabe lizentzia onartu zuen udal goberuak. Ondoren, Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia (AESA) erakundearen beharrezko baimenak ez zirela betetzen ikusi genuen. Azkenik, Ura agentziak proiektuari baimena ukatu ziola ikusi genuen Kostalde Legea betetzen ez zuela argudiatuta”.
Hori horrela, egoera berria “denen artean hitzartutako benetazko proposamena” osatzeko aukera dela iritzi dio sozialistak, baita “EAJk bere hirigintza politika okerra zuzentzeko” une egokia ere.