"Egindako kaltea ez handitzeko" eskatu dio Abotsanitzek EAJri
HAPOaren indargabetzea dela-eta Espainiako Auzitegi Gorenera ez jotzeko eta "lehenbailehen gainontzeko udal taldeekin esertzeko" galdegin dio udal taldeak tokiko gobernuari.
Hondarribiko EAJren udal gobernuak gaur jakinarazi duenez, bihar jorratuko dute udal ordezkariek batzordean Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako epaiari helegitea jartzea Espainiako Auzitegi Gorenean. Ildo horretan, “egindako kaltea ez handitzeko” galdegin dio Abotsanitzen udal taldeak EAJren udal gobernuari, eta erantsi duenez, “lehenbailehen gainontzeko udal taldeekin esertzeko eskatzen diogu, parte hartzean eta akordioan oinarritutako plan orokor berri bat lantzeko oinarriak finkatzeko”.
Udal taldeak plazaratutako informazioaren arabera, HAPOaren baliogabetzeak “ondorio oso larriak” eragingo ditu, eta errekurtsorako aukera zabalik uzten duen arren, ” jurisprudentziak argi uzten du errekurtso horrek ez duela ibilbiderik” izango.
Areago, helegiteak ez dituela sententziaren ondorioak geldiarazten erantsi du udal alderdiak: “Epaitegiek errekurtsoa aztertzea onartuko balute ere, udalak ezingo luke HAPOan oinarritutako inolako lizentziarik eman”. Hortaz, “bidezidorrak” hartu nahi izateak ondorio “are eta larriagoak” eragin ditzakeela gogorarazi dio Abotsanitzek tokiko gobernuari.