Hondarribiarren "jarrera" txalotu du Txomin Sagarzazu alkateak
Hauteskunde egunean "dena ongi atera zedin" egindako esfortzua izan du hizpide agintariak, eta horri esker "normaltasun osoz" garatu zela eguna nabarmendu du.
Eusko Legebiltzarreko hauteskunde egunean hondarribiarrek “dena ongi atera zedin” erakutsitako “jarrera” nabarmendu du gaur Txomin Sagarzazu alkateak komunikabideetara igorritako ohar batean. Horrez gain, “atzoko eguna normaltasun osoz joan zedin lan egin zuten guztiei” eskerrak eman nahi izan dizkie agintariak.
EAJk lortu zuen emaitzarik onena atzoko egunean Hondarribian 3.464 botorekin (%48,92), EH Bildu izan zen bigarren 1.836 boto jasota (%25,93), eta PSE-EE hirugarren 666 botorekin (%9,40). Elkarrekin Podemos laugarren indar gisa geratu zen 521 boto bilduta (%7,35) eta PP bosgarren 329rekin (%4,64). Azkenik, VOX alderdi ultraeskuindarrak 92 boto jaso zituen (%1,29) eta Equo-Berdeak-ek 91 (%1,28). Zenbatetuko botoen artean 75 txuri eta 43 baliogabe ere izan ziren. Abstentzioa %45,65ekoa izan zen atzoko bozetan Hondarribian.