Online munduan trebatzen lagunduko diete hiriko merkatariei
Irun Aurrera talka planaren barruan antolatu dituzte, COVID 19ak eragindako ondorioei aurre egiten laguntzeko. Asteazkenean (hilak 15) eta hilaren 22an eskainiko dituzte, online bidez.
Irun Aurrera talka planaren barruan, hiriko merkatariei begirako ikastaro gehiago antolatu dituzte udalak eta Bidasoa Bizirik-ek. Datozen asteetarako bi ikastaro prestatu dituzte, «hiriko merkatari txikiei lagundun eta euren posizioa hobetzen laguntzeko asmoz».
Lehenengo ikastaroa Sare sozialen hastapena, bertako merkatarientzat izenekoa izango da. Etzi eskainiko dute (asteazkena, hilak 15), 13:30etik 15:30era. Lehenengo honetan, Facebook eta Instagram sare sozialen erabileraren eta ahalmenaren oinarrizko ezagutzak irakatsiko dituzte, hau da, edukia nola argitaratu eta horien bidez mezu bat nola helarazi.
Bigarrena aldiz, Omnikanalizazioa, on eta offline irudi bera proiektatzea izango da, hilaren 22an (asteazkena da), ordutegi berberean. Bezeroekin harremanetan jartzeko gomendatzen diren komunikazio gakoak erakutsiko dizkiete Irungo merkatariei.
Bi ikastaroak online bidez eskainiko dituzte (jarraitzeko esteka merkatariek zuzenean jasoko dute). Ikastaro bakoitzeko 20 plaza daudela zehaztu du udalak. Izen emateak, esteka honetan egin daitezke.