Bandera, edo zuloa
Bandera, edo zuloa. Gizonen trainerua gora-beheratsu dabil. Emakumeena, berriz, borroka betean da beti norbait atzean uzteko.
Eusko Label Ligan grisik ez dago gizonen Ama Guadalupekoa traineruarentzat. Bandera, edo zuloa. Asteburu honetan ere hala izan da. Atzo Zierbenan Petronor bandera historikoa irabazi zuten berdeek, baina larunbatean Donostian bederatzigarren izan ziren, irabazle izan zen Donostiarratik 32 segundora. Oso goian, edo oso behean (azken urteetako emaitzez erreparatuz) dago traineru berdea.
Aurreko asteburuan ere hala izan zen. Eusko Label Ligako lehen estropadan A Coruñan irabazle, eta hurrengo egunean azkena.
Hondarribiko zaleek, beraz, badakite euren trainerua onena eta txarrena egiteko gai dela. Onena errepika dadila batez ere. Baina hasierako emaitza aldakor horiek ekarri dutena da Ligako sailkapen nagusian atzean gelditu izana, Santurtzi liderretik 13 puntura daude berdeak, bosgarren dira sailkapen horretan.
Emakumeak, ondo
Asteburuan Euskotren Liga Donostian eta Zierbenan izan da ere bai. Hondarribiko emakumeen Ama Guadalupekoa hirugarren izan zen larunbatean, eta laugarrena atzo. Pena atzokoan azkenean Donostia Arraun Lagunak traineruak, bigarren luzean batez ere, hondarribiarrak baino gehiago izan zela. Izan ere, estropada ondo hasi zuten berdeek, denbora luze batean hirugarren izan ziren, baina azken luzean segundoak galdu eta azkenak izan ziren.
Lau estropada eta gero, Hondarribiko emakumeak laugarren dira sailkapen nagusian, hirugarren den Donostia Arraun Lagunak-ekin puntuz berdinduta, zazpina dituzte biek. Argi dago Orio eta Donostiarra izango direla ligaren lehian izango direnak, eta jaitsierako play-offa jokatzeko plazatik ihes egiten saiatuko dira hondarribiarrak eta donostiarrak.