Jaizkibelgo aberastasunen gaineko azalpenak emango ditu bihar Aranzadiko aditu batek
Arratsaldeko 16:00etatik 18:30era bitartean Jaizkibel mendiaren aberastasunak zaintzeko erakusketa gunean izango da Aranzadi Zientzia Elkarteko aditua.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, bihar arratsaldean 16:00etatik 18:30era Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu batek Jaizkibel mendiaren gaineko azalpenak emango ditu bertan kokatutako interpretazio eta erakusketa gunean. Larunbatean egitekoa zen jarduera, baina eguraldiaren iragarpena medio bertan behera uztea erabaki zuten.
Hortaz, Aranzadiko aditu bat egongo da Jaizkibel mendiaren aberastasunaren gaineko erakusketan herritarren galderak erantzuteko prest. Hondarribiarrak deitu dituzte parte hartzera.
Udala eta Aranzadiz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin abiatu da erakusketa. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziaren arabera, udaran zehar jende andana ibili ohi da Jaizkibelen, batez ere kostaldean. Zentzu horretan, “gehienek oso ongi zaintzen dute mendia eta sortzen duten zikinkeria etxera eramaten dute, baina tamalez, ez dira guztiak. Hori sahiestea da erakusketa honen helburuetako bat”, azaldu du.
Jaizkibelgo biodibertsitateari balioa emateko hainbat proiektu martxan jarri dituzte aipatutako erakundeek, eta horiek guztiek 250 hektarea okupatzen dituzte denera.