Emigrazio eraikina berritzeko lanak, martxan
Fatxada eta estalkia hobetzen hasi dira, eta obra urtebetean amaitzea aurreikusi dute. Ondoren, barruko ekipamenduak auzotarrekin batera diseinatzeko asmoa du udalak.
Irungo Udaleko Obra sailak jakinarazi berri duenez, aste honetan hasi dituzte emigrazio eraikina birgaitzeko lanak. Zehazki, fatxada eta estalkia hobetzen hasi dira, eta obra urtebetean amaitzea aurreikusi dute. Iaz pasatu zen eraikina udalaren jabetzara.
Orotara, 4.000 metro koadro inguru hartzen ditu Anaka eta Basurko kaleen artean aurki daitekeen eraikinak. Kanpoko lanak amaitu ostean, barruko ekipamenduak auzotarrekin batera diseinatzeko asmoa du udalak. Proiektu honetarako, 149.000 euroko inbertsioa egingo dute.
Eraikinaren zati bat Lanbidek erabiliko du, eta bestean 40 apartamentu eta herritarrentzako gizarte gune bat egiteko asmoa dute.