Artiako ezkiak zaindu eta kontserbatzeko lanak hasi ditu udalak
Hamar zuhaitz kimatuko dituzte orain, haizeak eragin ditzakeen kalteak ekiditeko asmoz.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkiak zaindu eta kontserbatzeko lanak hasi dituzte gaur (hilak 8). Joan den hilean ezkiak ez mozteko erabakia hartu zuen udalak, Artiako Lagunak taldeak hilabete luzez egindako presioari esker.
Hamar zuhaitz kimatuko dituzte orain, haizeak eragin ditzakeen kalteak ekiditeko asmoz. Bestalde, beste hogei bat zuhaitzen adarren erorketak saihesteko zenbait lan egingo dituztela zehaztu dute udaletik.
Lanak bi edo hiru egunetan amaitzea aurreikusi du udalak. Bitarte horretan, Juan Thalamas Labandibar kaleko errepidea (Behobiarako noranzkoan) itxiko dute, 9:00etatik 16:00etara.
Azken hilabeteotan egindako ikerketa eta informazioa Artia zein Behobiako auzotarrekin elkarbanatzeko konpromisoa hartu du Bide Publikoko ordezkari Jon Ugartek. Azterketa guztiak interesa duten auzotarren eskuetara izango direla azaldu du.