Ribera bekak, kultura ikerketa proiektu berrien bila
Martxan da ekimenaren laugarren edizioa. Arte garaikidearen bidezko kultura ikerketa proiektu berriak aurkezteko epea zabalik egongo da abuztuaren 3ra arte.

Kultura Arloak jakinarazi duenez, Ribera beken laugarren edizioa abian da, eta eskaerak aurkeztu ahal izango ditu nahi duen orok abuztuaren 3ra arte. Aurten, ohiko arlo artistikoaz gain, beste diziplina batzuk ere hartuko ditu bere gain iniziatibak, haien artean, geografia, biologia edo nazioarteko harremanak.
Proiektu hau bi bekek osatzen dute, haietako bakoitza 9.000 eurokoa eta bederatzi hilabeteko iraupenekoa. Bekak, oro har, bi profiletara zuzenduta daude: bata artistikoa, eta ikerketa antropologikoarekin lotutakoa bestea. Orain arte, bigarren hori historiarekin eta antropologiarekin lotutako gaietara mugatzen zen, baina aurten beste diziplina batzuetara zabaldu dute, hala nola, geografia, biologia edo nazioarteko harremanak.
Ribera bekek Bidasoa ibaiaren bi aldeen inguruko ondare ukigarri zein ukiezinak ezagutzera ematea eta balioan jartzea dute xede. Era berean, ondare ukiezinaren (pertsonen kontakizunak eta memoria) garrantzia azpimarratzea ere interes berezikoa izango da.
Beken oinarriak udalaren web orrian kontsulta daitezke. Eskaerak HAZ bulegoan edota egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dituzte interesdunek.