Ezkiak babesteko borrokan jarraitzen dute Artiako Lagunek
Mozketa gelditzea lortu duten arren, Arartekoaren lana oztopatzea leporatu diote udalari. «Udala ez da gai izan bizilagunei erantzun bat bidaltzeko».
Artiako Lagunek Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkien defentsan jarraitzen dute gogor. Joan den hilean mozketa ekiditea lortu zuten arren, oraindik Arartekoari bidalitako eskaera ez erantzutea leporatu diote udalari. «Arartekoaren lana oztopatu dute, eta gainera, udala ez da gai izan bizilagunei erantzun bat bidaltzeko», diote amorruz.
Horregatik, zenbait eskaera egin dituzte. Lehenik, ezkiak orain eta etorkizunean mantentzea eskatu dute. Bestalde, Zuhaitz Doktorearen txosteneko proposamenak gauzatze eskatu diote udalari, Doctor Arbol enpresaren eta udaleko teknikarien ikuskaritzarekin. Tokoiak ere kendu nahi dituzte Artiako Lagunek, eta ezpondan galdutako zuhaitz kopurua berritzea proposatu dute. Amaitzeko, Arartekoari orain arte aurkeztutako dokumentazioa onartzea eskatu diote.
Keinu gisa, joan den astean auzotarrek proiekzio oso berezia egin zutela kontatu dute Artiako Lagunek. Argi proiekzio bat egin zuten, ezkiak pantaila bezala erabilita, City Free hitzekin. Era berean Artiako Lagunek jakinarazi dute argazki bilketa batekin hasi direla; eremu horretako argazkiak behar dituzte, atzera begirako erakusketa bat osatzeko. «Aste honetan hainbat ekintza gehiago egingo ditugu» adierazi dute taldekoek.