Mobilizatzera deitu du LABek, atzoko lan istripua salatzeko
Astelehenean (hilak 6) Mendeluko biribilgunean elkarretaratuko dira, 'Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea' lelopean.
Atzo Irunen GI-363 errepidean gertatutako lan istripua salatzera deitu ditu herritarrak LAB sindikatuak. Langile autonomo bat zendu zen, beste ibilgailu batekin talka egin ostean. «LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie langilearen senide, lagun eta ingurukoei», adierazi dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Gogor salatu nahi izan dute, heriotza berri honekin, dagoeneko 2020an Euskal Herrian 38 langile hil direla. Bide batez, Zaldibarko zabortegiko bi langile desagertuak (otsailaren 6tik) gogoratu nahi izan dituzte. Hauteskundeen atarian, «exijitzeko» garaia dela nabarmendu du sindikatuak. «Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko? Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko», esan dute amorruz.
Horregatik, datorren astelehenerako (hilak 6) mobilizazioa iragarri du gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU). Mendeluko biribilgunean elkarretaratzea egingo dute, 11:00etan, Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea lelopean.