«Artiako Lagunengatik izan ez balitz, auzoak ez lituzke balio handiko ezki hauek izango»
Irungo EH Bilduk txalotu egin du Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkien mozketa gelditzeko hartutako erabakia. Halere, «prozesuaren nondik norakoak» azaltzeko eskatu diote udal gobernuari.
Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkien mozketa gelditzea lortu dute auzotarrek, Artiako Lagunak taldeak egindako presioari esker. Albiste horren harira, Irungo EH Bildu udal taldeak zenbait kontu argitu nahi izan ditu. «Pozez hartu dugu atzo Irungo Udalak Artiako ezkien gainean ezagutzera eman zuen berria. Halere, faltan botatzen dugu prozesu osoaren nondik norakoak azaldu ez izana», diote.
Bide batez, Artiako Lagunak zoriondu nahi izan dituzte EH Bilduko kideek, «auzoaz eta ingurumenaz izan duen kezkaz eta egin duen borrokaz. Argi dugu eragile honengatik izan ez balitz gaur Artiako auzoak ez lituzke balio handiko ezki hauek haien kaleetan izango». «Artiako auzo mugimenduen garrantzia» txalotu dute EH Bildutik, eta udalari gogoratu nahi izan diote, erabakirik hartu baino lehen, «elkarrizketa dela bidea».
Amaitzeko, koalizio subiranistako kideek nabarmendu dute orain agerian geratu dela hasierako erabakia «presaz harturikoa» izan zela.