'Itxeki Hondarribia!' talka planak aurreikusitako zenbait irizpide aldatu ditu udalak
Helburu nagusia "ahalik eta enpresa gehiengana" heltzea dela argudiatuta aldatu ditu irizpideak udalak; eskaera epea ekainaren 29ra arte luzatzea ere erabaki du.
Hondarribiko Udalak Itxeki Hondarribia! talka planaren zenbait irizpide aldatzea erabaki du. Herrian dauden “kasuistika bereziak” ikusita, “ahalik eta enpresa gehiengana” heltzeko helburuarekin hartu du erabakia udalak. Areago, eskaera epea ere ekainaren 29ra arte luzatzea onartu du. Amuitz merkatarien elkarteak eta Abotsanitz Herri Batzarrak diru-laguntza programaren unibertsaltasuna murriztu izana leporatu zioten udalari hil honen hasieran.
Hori horrela, helbide fiskala eta jarduera ekonomikoa Hondarribian izatea ezinbesteko baldintza gisa indargabetzea erabaki dute, eta soilik jarduera ekonomikoa herrian bertan egotearekin eskatu ahal izango dute interesdunek diru-laguntza. Horrez gain, hamar langile baino gutxiagoko enpresen muga zabaltzea ere aurreikusi du tokiko gobernuak, eta “enpresa guztiei ireki”.
BAZ bulegoko aurrez aurreko arreta zerbitzua astelehenean abiatzea ere espero du udalak, eta PSE-EEren Udal Taldeak eskatu bezala, izapideak erraztea aurreikusi du modu horretan. Hala eta guztiz ere, irizpide berriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunera arte ezingo dela eskaerarik egin ohartarazi du. Momentuz, 204 eskaera jaso dituzte eta gaur burutu ditu udalak lehen onuradunen ordainketa.