Etxerat-ek ostiraleroko mobilizazioak berreskuratu ditu. Gaur Zabaltza plazan biltzera deitu dituzte irundarrak, 20:00etan.
Ia hiru hilabeteko hutsunearen ostean, Etxerat-en euskal presoen aldeko elkarretaratzeak bueltan dira. Beraz, gaur, 20:00etan, Zabaltza plazara eramango dute presoen aldeko aldarria; Etxean eta bizirik nahi ditugu lelopean elkarretaratuko dira irundarrak. Eta gaurko aldarrikapenari jarraipena emateko asmoz, biharko ere mobilizazioa iragarri dute. Bihar (hilak 30), Sargia parkearen sarreran elkarretaratuko dira, 12:30ean. Elkarretaratzeetarako, maskara eramateko eskaera egin dute, baita ere segurtasun distantzia mantentzekoa.
Bide batez, Etxerat-eko kideak larrialdi egoerak euskal presoei eragindako ondorioez aritu dira, herritarrekin egoeraren gainean egindako irakurketa elkarbanatu nahi izan dute. Lehenik, COVID 19ak espetxeetako «egoera gogortu» duela diote, «muturreko egoeraraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera». Egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso daudela gogoratu dute; 70 urtetik gorako bi preso, 65 urtetik gorako 12 eta 60tik gorako 24. «Estatu Espainiarrean kartzelan dauden presoen %80a etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 1. graduan daude. Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den».
Frantzia zein Espainiako gobernuek euskal presoei ezarritako «salbuespen legedia bertan behera uztea» eskatu dute Etxerateko kideek. Horrez gain, honako eskaerak egin dituzte:
- Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira.
- Larriki gaixo diren presoak, hala nola, 65 urtetik gorakoak, askatu behar dira.
- Preso eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituzte.
- Gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egin behar dute.