Gurutze Gorria eta Babes Zibileko boluntarioen lana eskertu dute udaleko ordezkariek
Jose Antonio Santano alkateak eta alderdi guztietako ordezkariek boluntarioekin batera larrialdi egoerari emandako erantzunaren gaineko balorazioa egin dute gaur.
Irungo alkate Jose Antonio Santano eta alderdi guztietako ordezkariak Gurutze Gorria-ko eta Babes Zibileko kideekin bildu dira gaur, larrialdi egoerari emandako erantzunaren gaineko balorazioa egiteko. Lehenik, ordezkari guztiek eskerrak eman dizkiete boluntarioei: «Irungo familia askorentzat beharrezko bilakatu dira boluntarioak. Irundarrak harro egoteko moduko lana egin dute».
Datuei erreparatuta, Babes Zibileko 20 bat boluntarioek erosketak egiteko 81 irundar lagundu dituzte, 142 ekintza orotara. Bidasoko Ospitalea garbitu eta desinfektatzen ere aritu direla nabarmendu dute gaurko bilkuran. 238 janari banaketa egin dituzte azken hilabeteetan, eta hiriko 225 haur modu berezian zoriondu dituzte. Joan den hilaren 17ra bitarte, 4.300 ordu pasatu dituzte boluntario lanak egiten.
Gurutze Gorria-ko kideek aldiz, besteak beste, elikagai bankuko banaketa egin dute (585 familiak jaso dute) eta 4.000 maskara banatu dituzte garraio publikoan. Horrez gain, adinekoei medikamentuak banatu dizkiete, eta garraioaren sektoreko gidariei janaria eta edaria eskaintzen aritu dira (Zaisa inguruan). Caritas-ekin ere kolaboratu dutela zehaztu dute gaurkoan (janari banaketa egiten) eta lehen egunetik etxean egindako maskarak banatzen ibili dira. Bide batez, azken hilabeteotan euren etxean maskarak egiten aritu diren herritarrei eskerrak eman dizkiete ordezkari guztiek (2.500 baino gehiago egin dituzte orain arte).