Herriaren garapena bultzatzeko mahai bat eratzea proposatu du EH Bilduk
Azken urteetan turismoak hartu duen pisua "gehiegizkoa" dela iritzio dio koalizioak, eta eredu sozio-ekonomikoa aldatzeko xedearekin, herriko eragileek kooperazio mahai komun bat eratzea galdegin du.
COVID-19 izurriteak eredu sozio-ekonomikoaren ondorioak agerian utzi ditu EH Bilduren Udal Taldearentzat. Turismoak azken urteetan hartutako pisua “gehiegizkoa” dela uste du, eta hori aldatzeko helburuarekin, Hondarribiko eragile ekonomiko guztiekin kooperazio mahai komun bat eratzeko mozioa aurkeztu du.
“Ostalaritza, merkataritza, higiezinen agentziak, itsas kirolak, aholkularitza eta turismoari lotutako negozioak zabaltzen ari dira”, argudiatu du alderdiak, eta horrek guztiak eragindako ondorioak aztertzea ezinbestekoa dela irizi dio. Ereduaren iraunkortasuna zalantzan jarri du halaber taldeak: “Gure lehenengo sektorea, arrantza eta nekazaritza, oso utzita dauzkagu. Apenas daukagu industria, eta zerbitzuen sektorea oso desorekatuta dago, turismoari lotutakoa, hor nonbait, baina zerbitzu publikoen alorra, hezkuntza, kultura, musika, zaintza eta abar, oso ahula da”.
Hori dela eta, “krisi garaiak aukera garai gisa” baliatu behar direla adierazi du, eta horregatik, “sufritzen ari garen etenaldia orain arteko ereduaren okerrak zuzentzeko” baliatzea proposatu du.
Hortaz, “Hondarribiaren garapenerako mahaia” osatzeko mozioa aurkeztu du udal taldeak. Udal gobernuak zuzendu beharko luke mahai hori koalizioaren aburuz, eta eragile guztiek horretan parte hartzea proposatu du: “Arrantzaleak, ostalariak, denda txikietako jabeak, alderdi politikoak, sindikatuak eta ardura duen orok, egoera berriak ahalik eta argien aurreikusteko eta behar diren ekimenak erabakitzeko”.