Arauak hausteagatik oharra igorri die udalak terrazak zabaldu dituzten ostalariei
Mahaien, bezeroen eta langileen artean segurtasun distantzia gordetzea ezinbestekoa dela gogorarazi die, baita okupazioa eta higienea errespetatzea ere.
Lehen fasearekin batera terrazen %50a zabaltzeko aukera baliatu duten ostalariei oharra igorri die Hondarribiko Udalak arauak ez betetzea egotzita. Astelehenean eta asteartean hainbat jarrera desegoki antzeman ziztuztela adierazi du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako, “terraza horien okupazioari, arretari eta garapenari dagokionez”. Lehendakaritzaren 8/2020 Dekretuak eta Osasun Ministerioaren SND/399/2020 Aginduak ezarritako xedapenak urratzen zituzten jarrera horiek hautetsiaren arabera.
COVID-19 gaitzaren hedapenari aurre egiteko prebentzio neurrien garrantzia nabarmendu du Carrionek, eta distantzia gordetzeko neurriak bermatzera deitu ditu ostalariak, bezeroak eta langileak. “Mahaiak elkarrengandik urrundu behar dira, hamar pertsona baino gehiago elkartzea ezinezkoa da, talde bakoitzak okupatutako mahai kopuruarekin bat etorri behar du, eta garbitasun betebeharrak daude gainera” gehitu du Carrionek.
Arau-hauste horiek guztiek ekarriko lituzkeen “salaketak izapidetzea” ekiditera gonbidatu ditu ostalariak, “gehigikeriak sahiesteko beharrezko jardunak betez”.