[Erreportajea] Egoera berrira egokitzen
‘Zero fasea’ delakoari esker, Oarsoaldeko eta Bidasoko zenbait denda eta establezimendu berriz ere euren eguneroko jardunera itzuli dira azken egunetan, ezohiko neurriekin.
Ia bi hilabeteko etenaldi luze eta gogorraren ostean, zenbait merkatari eta negoziok berriz ere ateak zabaltzeko aukera izan dute azken egunotan. Espainiako Gobernuak ezarritako Zero fasea delakoari esker, asko izan dira astelehenetik lanera itzuli direnak, ezohiko egoera berrira pixkanaka egokitzen. Berriz ere martxan diren hirurekin bildu da Hitza, lehen inpresio eta kezkak jasotzeko.
Hilaren 4an baimendu zuten lokal txikien irekiera. Besteak beste, ile apaindegiak, eramateko janariak, burdindegiak, tailerrak, arropa konpontzeko dendak edota kontsulta zerbitzuak zabaldu dituzte, ezohiko neurriekin, noski. Guztietan, aurrez txanda hartu behar izan dute bezeroek, eta ordutegi zehatz batean bertaratu. Gainera, janari denda edota banketxeetan hartutako neurri berberak ezarri dituzte oraingoan ere, hau da, bezeroen arteko distantzia eta garbiketa beharrezkoa izan da uneoro.
Pasai Antxoko Lody’s ile apaindegia izan da zero faseari esker berriz ere jardunera itzultzeko aukera izan duenetako bat. Astelehenean hasi ziren, eta bertako langile Leire Diaz de Ilarrazak aitortu duenez, inoiz baino lan handiagoa dute egunotan. «Itzulera oso positiboa izaten ari da, datozen hiru asteetako agenda lepo beteta dugu. Oso pozik gaude, bi hilabete pasatu ditugu diru sarrerarik gabe eta beti bezala dena ordaintzen, hau behar genuen».
Jarduna, gainera, asko aldatu dela aitortu du, zertxobait deseroso bilakatu dela. Babes maskarekin ari dira lanean, eta bezeroak ere etxetik eramandako babes materialarekin bertaratzen direla kontatu du. «Maskara zailtasun bat gehiago da, baina pixkanaka ohitzen joan beharko gara, egoera honek gure jarduna betirako aldatuko baitu», dio, etorkizunarekin kezkati.
Gobernuaren erabakiaren beste onuradun bat izan da Garazi Lizarraga nutrizionista eta dietista irundarra. Astelehenetik zentroko kontsultak berreskuratu dituela kontatu du, «gogo handiz gainera». Larrialdi egoera aurreko kontsultekin alderatuta, aldaketa handirik ez dagoela aitortu du, baina maskararekin aritzea «oso arraro» egin zaiola. Halere, aurrez aurreko saioak berreskuratzea jaso zezakeen albisterik onena izan da irundarrarentzat: «Online modura zenbait saio egin ditut azkenaldian, baina ez da gauza bera. Niri aurrez aurrekoa gustatzen zait, oso gogotsu nintzen berriro bezeroekin elkartu eta hitz egiteko».
Bestelako establezimenduetan bezalaxe, kontsultak telefono bidez hartzen dituela azaldu du irundarrak. Gainera, kontsulta batetik bestera hamabost minutuko tartea ezarri du, bezeroak elkar ez daitezen.
Zero fasea hasi aurretik irekitzeko aukera izan du Maria Carrerak Ipotx gozoki denda, Hondarribian. Halere, joan den larunbatera arte ez zuen denda irekitzeko pausoa eman. Azaldu duenez, ez zuen herrian nahikoa mugimendurik ikusi, beraz, haurren deskonfinamenduarekin batera irekitzea erabaki du.
Larunbatetik, haur —eta guraso— askoren paseoak gozatu ditu Carrerak: «Mugimendua badago, baina kontua da dena mantsoago doala. Banan-banan sartzen dira, beraz, egun guztian zehar bezeroak izaten ditut». Berriz ere ateak zabaltzeko poztasunetik harago, haurrak kalean eta jolasean ikustea izan da irekieraren oparirik ederrena. «Sekulako poza eman dit berriz ere haurrak ikustea, denak hain pozik. Haiei esker alaitasuna sumatzen da herrian», gehitu du.
Hirurek etorkizuna nahiko ilun ikusten dutela aitortu dute, baina hala eta guztiz ere, jarrera baikorrarekin agertu dira. Egoerari bira eman bitartean, herrian kontsumitzeko deia egin dute.