Enpresek bihartik aurrera eska ditzaketela diru-laguntzak jakinarazi du udalak
Gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta beraz, bihar irekiko dela eskaera epea zehaztu du udalak.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, bihar zabalduko da Itxeki Hondarribia! talka planean enpresa eta langile autonomoentzako aurreikusitako diru-laguntzak eskatzeko epea. Gaur argitaratu dela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean azaldu du Maria Serrano Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, eta beraz, bihartik aurrera eta hilabete bateko epean eskaera izapidetu ahal izango dutela interesdunek zehaztu du.
Zabaldutako informazioaren arabera, langile autonomoei laguntza ekonomikoa ematea aurreikusten du planak, baita hamar langile baino gutxiagoko mikroenpresei ere, Hondarribian kokatutako jarduera ekonomiko baten titularrak izanda ixtera behartuta daudenak edo haien fakturazioa % 50 baino gehiago murriztu dela egiaztatzen dutenak. Hori horrela, ixtera behartuta daude sektoreentzako 1.000 euroko diru-laguntza prest duela udalak adierazi du Serranok. Fakturazioa murriztuta ikusi dutenentzako ordea, 500 eurokoa izango da diru-laguntza.
Diruz lagunduko diren kontzeptuak ondokoak izango direla zehaztu du udalak:
- Garatzen ari zen jarduerari zuzenean atxikitako hornigai, makineria, instalazio eta ekipamenduen mantentze gastuak.
- Elektrizitate, erregai, ur, telefonia eta Interneterako konexiorako hornidura gastuak.
- Zerga eta kontabilitate aholkularitza gastuak.
- Aholkularitza gastuak.
- Ekipamendu, instalazio eta pertsonak desinfektatzeko lanetarako kanpoko adituen laguntza gastuak, bakarrik larrialdi egoerari erantzuna emateko.
- Jardueraren aseguru primei dagozkien gastuak.
- Lokalen errenta gastuak, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazitako baldintza hauek betetzen badituzte.