Diru-laguntzak ez direla merkatari guztiengana iritsiko deitoratu du Amuitzek
Unibertsalak ez izateaz gain, oraindik ez dela eskaera epea zabaldu kritikatu du elkarteak, eta beste behin, egoera "oso larria" dela gogorarazi diote udal gobernuari.
Itxeki Hondarribia! planak eragile ekonomikoak laguntzeko kaleratutako diru-laguntzen atzerapenarekin kexu agertu dira Amuitz merkatarien elkarteko kideak. Ez hori bakarrik. Oinarriak irakurrita diru-laguntzak ez direla denengana iritsiko kritikatu du Sonia Herce bozeramaileak. Egoera “oso larria” dela oroitarazi du, eta tokiko enpresak laguntzeko “borondate falta” leporatu dio EAJren Udal Gobernuari.
Abotsanitzek aste honen hasieran egindako salaketarekin bat egin du merkatariak, eta argi utzi du diru-laguntzak ez direla ez “berehalakoak” ezta “unibertsalak” ere. “Lehen kontaktua Maria Serranorekin martxoaren 23an izan genuen”, azaldu du Hercek, “maiatzaren 7an gaude, eta oraindik ezin izan ditugu diru-laguntzak eskatu”. Izan ere, oinarriak eskura izan arren momentuz diru-laguntzen eskaera epea itxita jarraitzen duela deitoratu du.
Horrez gain, prestatu eta aurkeztu beharreko dokumentazioa benetan korapilatsua dela ere adierazi du Hercek, PSE-EEren Udal Taldeak asteartean esandakoa baieztatuz. Sinadura elektronikoa ezinbestekoa dela azaldu du, eta hori eduki ezean gestoria bitartez izapideak egitera behartuta daude merkatariak.
Ildo horretan, gestoriako langileek ere harridura agertu dutela izapideekin ohartarazi du Hercek, eta egoera honi guztiari, gestoriek uneotan duten lan karga erantsi behar zaiola argudiatu du: “Eta azkenean, noiz jaso behar ditugu diru-laguntzak? Ekainean?”.
Oinarrien eta beharren arteko talka
Sonia Herce merkatariak haren kasua azaldu dio HITZAri, eta ez dituela oinarriak betetzen azaldu du, egoitza fiskala Errenteria-Oreretan baitu. Desadostasuna agertu du oinarriekin, haren lantokia Hondarribian baitago eta bertan garatzen duelako bere jarduera ekonomikoa. Are gehiago, hasierako akordioaren arabera herriko enpresa guztiei zuzendutako diru-laguntzak zirela gogoratu du.
Errenteria-Oreretan diru-laguntza eskatu dutela dagoeneko zehaztu du, baina han beste denda bat daukate eta beraz, “bi alokairu ditugu, faktura guztiak bider bi ordaintzen ditugu, eta Errenteriako Udalak ematen digun diru-laguntza hango dendaren egoera arintzeko balio digu, baina Hondarribikoa?”, galdetu dio bere buruari.
Hori horrela, gutun bat helaraziko diola udalari argitu du, Hala eta guztiz ere, baldintzen gainetik, merkatari guztiak eskaera egitera animatu ditu, “gerora ikusiko dugu erreklamazioak aurkeztu behar ditugun, baina behintzat eska dezatela”.