Balkoiak eta leihoak horiz eta urdinez apaintzera deitu du udalak
Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuela 25 urte beteko dira asteazkenean eta herritarrak ospakizunekin bat egitera animatu dituzte.
Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuela 25. urteurrena beteko da hilaren 22an, asteazkenarekin, eta konfinamendua medio ospakizunak atzeratu behar izan ditu klubak. Irungo Udalak hala ere, bat egin du taldeak egindako deialdiarekin, eta balkoiak eta leihoak urdinez eta horiz apaintzera animatu ditu irundarrak. Aipatutako koloreekin ere argiztatuko dute udaletxea datozen egunotan.
Azkenik, Bidasoa taldearen sare sozialetan partekatutako edukiak jarraitzera gonbidatu dituzte herritarrak, «irundarrek garaiko argazki historikoekin eta egunkari zatiekin goza dezaten».