Bidasoa eskubaloi taldeak 25. urteurrenarekin lotutako hainbat ekitaldi atzeratu ditu
Apirilaren 22an 25 urte beteko dira Bidasoak Europako Kopa irabazi zuenetik. Larrialdi egoeragatik atzeratu arren, iragarritako ekitaldiak mantenduko dituztela jakinarazi dute.
2020a urte berezia da Bidasoa eskubaloi taldearentzat. Izan ere, 25 urte beteko dira aurten Europako Kopa irabazi zutenetik (1995ko apirilaren 22an zehazki). Datozen aste eta hilabeteotarako urteurren bereziarekin lotutako ekitaldi ugari prestatu arren, larrialdi egoerak hainbat bertan behera uztera behartu du kluba.
Larunbateko (hilak 28) bisita gidatua izan da eten duten lehen ekitaldia. Hirian zehar jarritako panel horiek bisitatzeko bisita gidatu berezia eskaini behar zuen asteburuan Iñaki de Mujika kazetariak, baina, atzeratzea erabaki dute. Data berria oraindik ez dute zehaztu.
Era berean, hil amaierarako aurreikusitako bokata lehiaketa ere bertan behera geratu da. Datak aldatu arren, klubak jakinarazi du aurreikusitako ekitaldi guztiekin jarraitzeko asmoa duela. Bitartean, etxetik 25. urteurrena ospatzeko deia egin diete irundarrei. Horretarako, Twitter sare soziala baliatuko dute, klubaren gaineko tribial jokoa eskaintzen ari baitira bertan. Beraz, konfinamendu luzea arintzeko denbora pasa dibertigarria eskainiko du Bidasoak.
Amaitzeko, gogoratu dute urteurrenerako sortutako kamiseta berezia oraindik ere eskura daitekeela, helbide honetara idatziz.