Oinaurreko sarbide berria ireki dute gaur
AP-8 autobidetik Irungo hirigunera (Oinaurretik) doan sartzeko sarrera eta irteera berria martxan dela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gaurtik (hilak 18) aurrera zabalik egongo da AP-8 autobidetik Irungo hirigunera (Oinaurretik) doan sartzeko sarrera eta irteera berria. Oinaurreko lotune berriak lotura zuzena ahalbidetuko du erdigunera, mugikortasuna hobetzea baitu helburu sarbide berriak. Obrek hamahiru hilabeteko iraupena izan dute, eta orotara, 9,25 milioi euroko aurrekontuarekin egin diote aurre obrari.
Lotune berrian errepide bikoitz bat, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraiki dituzte. Lotura Oinaurreko biribilgunean hasten da, Elizatxo hiribide inguruan. Aldunditik diotenez, 166 metroko bide bat eraiki dute, noranzko bakoitzeko 3,2 metroko bi erreiko galtzada batek bananduta. Errepideak gehieneko %5,9ko malda du. Bidea 50 metroko diametroa duen biribilgune batera iristen da, eta hortik abiatzen da sarbide berria.
Lotune berriak Via-T edo Abiatu gailuak irakurtzeko arkua duela zehaztu dute, beraz, gailu horiek dituztenek Irun-Barrerako ordainlekuraino dauden 3,2 kilometroak ordainduko dituzte, eta ez Irun eta Behobia arteko 7 kilometro osoak. Urte hasieran iragarritako deskontuak izateko, beharrezkoa izango da Abiatu gailua edukitzea.
Lotune erdiaren proiektua hegoaldeko ingurabidearen lehen urratsa izan da. Aldundiak, guztira, 15,25 milioi euro inbertituko ditu obra osotasunean amaitzeko.