Kontrolak ezarriko dituzte Ertzaintzak eta udaltzainek garraioan
Ertzaintzak eta udaltzainek baimenik ez duten desplazamenduekin bukatu nahi dute. Garraio publikoan ere ezarriko dituzte kontrolak.
Koronabirusaren krisia dela eta, Ertzaintzak eta tokiko poliziek kontrolak ezarriko dituztela jakinarazi du Segurtasun Sailak. Horien helburua da baimenduta ez dauden desplazamenduak galaraztea. Norbanakoen garraioan (autoak, motorrak, bizikletak…) eta kolektiboan (autobusak, topoa, trena…) ezarriko dituzte kontrolak, alarma egoeragatik, baimenduta ez dauden joan-etorriak ezin direlako egin. San Jose Egunaren zubian bereziki indartuko dituzte kontrol horiek.
Segurtasun Sailak oroitarazi du egunotan baimenduta dauden desplazamenduak, besteak beste, lanerako joan-etorrienak eta premiazko egoera eskatzen dutenak (jaki banatzaileenak, anbulantziak…) direla. Eta horiek, ibilgailuan egiten badira, banakakoak izan behar direla, hau da, pertsona bat autoko (gidaria). Autoetan bigarren pertsona bat joango balitz, atzealdeko eserlekuetan joan beharko luke, eskuineko tokian, segurtasun distantzia mantenduz.
Segurtasun Sailak jakinarazi du, behar balitz, errepideak ixteko eskumena duela.