Egiluz jauregia herriarena dela beste behin aldarrikatu dute
Hamarnaka lagun elkartu ziren atzo iluntzean gaztetxearen aldeko jarrera erakusteko asmoz. Ertzaintza bertaratu eta gutxienez bi herritar identifikatu zituen.
Hondarribiko gaztetxea hutsarazteko aginduaren aurka agertu ziren atzo iluntzean Gipuzkoa plazan bildutako dozenaka herritar. Egiluz jauregia herriarena dela eta okupazioa ez dela delitua aldarrikatu zuten han bildutakoek. Adin guztietako herritarrek sostengua adierazi zieten gazteei, baita euren proiektuari ere.
Aldarrikapen oihuen artean Ertzaintza bertaratu zen eta bi gazte identifikatu zituen; bata goizean desalojoa burutu bitartean protesta oihuak egin izanagatik, eta bestea, elkarretaratzerako baimena eskatu zuen gaztea zen. Horietako bati isuna jasoko zuela ohartarazi zioten.
Elkarretaratzea era baketsuan garatu zen ertzainek momentu oro protestaldia ikuskatu eta grabatu zuten arren. Gazteek elizaren eta udalaren jarrerak salatu zituzten, eta tokiko gobernu taldeari «zintzotasun falta» egotzi zioten beste behin. Izan ere, «inoiz» ez dutela «pertsona bakar baten segurtasuna arriskuan jarri» ziurtatu zuten, horretarako beharrezkoak izan diren azterketak egin baitituzte.
Bestalde, ondokoa izan da Egiluz jauregiak gaur goizean utzitako irudia.