Miren Usabiaga eta Toñi Gonzalez, aurtengo sarituak
Errenteriar eta madrildar bat saritu dute bosgarren Asun Casasola Ipuin Lehiaketan. Gazteen kategorian berriz, Uxue Azkue eta Julia Aliak irabazi dute.
Atzo banatu zituzten bosgarren Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sariak, Bronte liburudendan egindako ekitaldian. Aurtengo edizioa Ez zaude bakarrik lelopean landu dute, beste urte batez, «indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko» asmoz. Antolatzaileekin batera, 2008an eraildako Nagore Laffageren ama Asun Casasola izan zen bertan.
«Aurtengoan benetan pozik egoteko arrazoiak ditugu. Marka berri bat lortu dugu, izan ere, guztira, 378 ipuin jaso ditugu», adierazi zuten pozik antolatzaileek atzoko ekitaldian. Horietatik, helduek euskarazko 22 eta gaztelerazko 206 ipuin jaso dituzte; gazteen artean berriz, euskarazko 71 eta gaztelerazko 39.
«Aurten 12 urte beteko dira Nagore Laffageren erailketatik, 2008an hasi zen bere ama Asun Casasolaren borroka. Asunek pertsona askoren eredu izaten jarraitzen du, baita ere lehiaketa hau bizirik jarraitzearen arrazoi nagusia ere», esan zuen atzokoan antolakuntzako kide Miren Lantzek. Bitxikeri gisa, ipuinak aurten mundu osotik jaso dituztela nabarmendu zuten atzokoan. Zehazki, Amerikatik, Poloniatik, Italiatik eta Turkiatik ere heldu dira ipuinak.
Irabazleei dagokionez, Errenteria-Oreretako Miren Usabiaga Artolak irabazi du helduen kategoriako euskarazko ipuin onenaren saria. «Gaurko narrazioa gure aurreko belaunaldiei eskaini nahi diet, gure amonei, gure amei, beraiengatik ez balitz ez ginateke gauden egoeran egongo, miresten dut beraien indarra, beraien kemena, sakrifikatzeko gaitasuna, beraien zintzotasuna, izan direlako gara gu, eta izango dira gure ondorengoak. Gora gure amonak, gora gure amak eta gora borroka feminista!», esan zuen, txalo zaparrada artean.
Helduetan ere, gaztelerazko ipuinik onena Toñi Gonzalez Garcia madrildarrarena izan da.
Bi sari gehiago
Gazteetan aldiz, Uxue Azkue Muxika arrasatearrak eskuratu du euskarazko ipuin onenaren saria; gaztelaniaz aldiz, Julia Alia Castillejos bartzelonarraren lana saritu dute.
Amaitzeko, Asun Casasolak hitza hartu zuen. Urtero bezala, antolatzaileek feminismoaren eta berdintasunaren alde egindako lana eskertu nahi izan zuen atzokoan: «ikaragarria da neska hauek egiten duten lana. Gai honetan lanean jarraitu behar dugu, egoera gaizki baitago. Etxetik, ikastetxeetatik eta leku guztietatik egin behar dugu lan, emakume guztiek elkarrekin egin behar dugu aurrera».