Omenaldi hunkigarria jaso du Mari Carmen Iruretagoienak
Iruretagoienaren aitortzarekin zabaldu zuen atzo Emakumeen Astea Emeki elkarteak; dozenaka lagunek parte hartu zuten ekitaldian.
Mari Carmen Irutagoiena omendu nahi izan zuen atzo Emeki emakumeen elkarteak Emakumearen Astearen abiapuntu gisa. Dozenaka lagun gerturatu ziren elkartearen egoitzara Iruretagoienaren aitortzan parte hartzera eta ekitaldi hunkigarria jaso zuen omenduak.
Eguerdiko 12:00etan ireki zuen saioa Kontxi Galardi Emekiko presidenteak, eta ondoren, Rosa Gomezek Iruretagoienarentzako bereziki idatzitako olerki sorta irakurri zuen. Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun zinegotziak ere parte hartu zuten ekitaldian, eta omenduaren ibilbidea goraipatu zuten. Alaia Martin bertsolariaren koplak ere jaso zituen Iruretagoienak, eta azkenik, haren biloba Telmo Basterretxeak testu hunkigarria irakurri zuen jendaurrean.
Omenaldiari bukaera ezin hobea emateko, lunch batez gozatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek.