Hondarribiko emakume artisten lanaren balioa nabarmendu nahi du Emekik
Artelan ezberdinak erakusketa batean bildu ditu elkarteak, eta bihartik igandera bitartean bisitatu ahal izango dute interesdunek, Arma Plaza informazio gunean.
Martxoaren 8aren harira antolatu du Emeki elkarteak Emakumearen Astea. Atzo hasi eta igandera bitartean egitarau oparoa atondu du emakume taldeak horretarako. Emakumeen ahalduntzea da elkarteak aurten finkatutako helburu nagusia, eta horretarako emakumeek egindako lana eta aldarrikapenak kalera eramateko lanean ari dira kideak.
Hondarribiko emakume artisten lanari balioa ematea da elkarteak gizarteari luzatutako proposamenetako bat aste honetan zehar. Herriko emakume artista guztien lanak biltzea ezinezkoa bada ere, tokiko zenbait artisten lanak Arma Plaza informazio gunean elkartu ditu elkarteak, tartean, margolanak, panpinak, artisautza…
Elkarteko Tzane Carrillo eta Maria Jesus Berrotaran Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkatearekin bildu dira bertan, baita, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun zinegotziarekin, Juan Mari Altuna Ogasun eta Zerbitzu Teknikoen zinegotziarekin, eta Igor Enparan Abotsanitzeko bozeramailearekin ere.
Egunean zehar osatuko dute erakusketa eta bihartik igandera bitartean ikusgai izango dira artelanak, astegunetan 10:00etatik 18:00etara, eta igandean ordea, 10:00etatik 14:00etara.
Honekin batera, etzi (hilak 4), asteazkenarekin Mujeres en el arte impresionista izenpeko hitzaldia eskainiko du Maria Jose Noainek, elkartearen egoitzan (Puntaleko eskola zaharrean), 19:00etan.