Katea eta Behobia arteko deskontuak, triptiko bidez herritarren eskura
Katea eta Behobia arteko bidea AP-8tik egitea merkeago da urtarrilaren 1etik. Deskontuen gaineko triptikoa banatzen hasi da Bidegi irundarren artean.
Urtarrilaren 1etik, tarifa berriak ditu AP-8ko Behobia eta Katea auzoen arteko bideak. Joan-etorriko bidaia 24 orduan baino gutxiagoan egiten duten erabiltzaileei egiten duten lehen bidaiatik %50 deskontua aplikatuko diete. Horrela, bi puntuen artean dauden bi ordainlekuen arteko joan-etorrikoa egiten dutenek, euro bat ordaindu beharko dute (lehen bikoa zen tarifa). Aldundiak jakinarazi du ez dela onura bakarra izango. Deskontu progresibo bat ere aplikatuko dute, %85ko deskontua gainditu dezakeena. Onura guzti horiek izateko beharrezkoa izango da Abiatu gailua izatea.
Bada, gaur Bidegik jakinarazi duenez, tarifa berrien inguruko triptiko informatiboak banatzen hasi dira herritarren artean. Herritar guztiek etxean jaso dute.
Tarifa berriak definitzeko, aldundia Irungo auzo elkarteekin harremanetan egon da, bilera bat ere egin dute herritarrekin. «Elkarlanaren ondorioz lortu da deskontu horiek martxan jartzea, Irunek dituen trafiko arazoei irtenbidea emateko», adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak.
Era berean, aldundiak jakinarazi du martxoaren hasieran Oinaurreko lotune erdia irekiko dutela. Aurreikuspenen arabera, egunero 2.500 lagunek erabiliko dute. Bestalde, Oinaurreko AP-8ko irteera berriaren eta Katearen arteko joan-etorriek ere deskontuak izango dituzte Abiatuko erabiltzaileentzat. Oinaurre-Katea bide zatian, lehen bidaia 0,43 eurokoa izango da, eta 21. bidaiatik aurrera, 0,11 eurora artekoa izango da.