Gabonetako erakusleihorik «onena» izateko lehiatuko dira Hondarribiko saltokiak
Diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena baloratuko ditu epaimahaiak hilaren 19tik urtarrilaren 7ra bitartean.
Hondarribiko Udaleko Merkataritza departamentuak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu du aurten bederatzigarrenez. Herriko saltokiek Gabonetara begira erakusleihoak nola apaintzen dituzten epaituko dute, eta diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena baloratuko dituzte. Hilaren 19tik urtarrilaren 7ra bitartean aurrera eramango dute lehiaketa.
«Merkataritza herriko bizitzaren partaide» egitea da iniziatibaren helburua Maria Serrano Merkataritza zinegotziak esan duenez, eta bide batez, Gabonetako ekitaldi sorta beste jarduera batekin osatu. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu erakusleiho onenen artean, 450 euro, 300 euro eta 200 eurokoa, zehazki.
Izena emateko interesa duten establezimenduek BAZ bulegoan egin beharko dute hilaren 18a baino lehen. Informazio gehiagorako udalaren weborrira jo dezakete interesdunek.