Gure Esku Dago ere larunbateko manifestazioan izango da
"Izugarrizkoa da migrante eta errefuxiatuekin bizitzen ari garen drama. Guzti honen inguruan ere erabaki nahi dugu", adierazi dute taldetik.
Etzi (hilak 26), harrera duin eta integral baten aldeko manifestazio nazionala egingo dute Irunen. ‘Euskal Herria harrera herria’ lelopean abiatuko dira Ficobatik, zirkulazio askatasuna exijitzera. Azken egunotan eragile, alderdi eta sindikatu ugari batu dira mobilizaziora, eta horietako bat erabakitzeko eskubidearen aldeko Irungo Gure Esku Dago taldea izan da.
“Erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean horrelako gaietaz ere ari gara. Izugarrizkoa da migrante eta errefuxiatuekin bizitzen ari garen drama. Guzti honen inguruan ere erabaki nahi dugu”, adierazi dute Gure Esku Dago-tik. Elkartasuna eta babesa balore gisa dituen herria eraiki nahi dutela diote. Horregatik, irundarrek osatu duten harrera sarearekin “erabat identifikatuta” sentitzen dira taldeko kideak eta manifestazioaren deialdia ere eurena egin dute.
Hala, larunbatean 17:00etan Ficoba inguruan bertaratzeko deialdia luzatu diete, Irun, eskualde eta Euskal Herri osoko herritarrei.