Datorren hilaren 8rako (ostirala), 18:30etik aurrera, 'Irun prekarietateari aurre eginez' jardunaldia antolatu du Irun Martxan egitasmoak.
Urdanibia plazan egingo dute jardunaldia.
Irungo Urdanibia plaza baliatuko du Irun Martxan egitasmoak prekarietatearen aurkako jardunaldi berezia egiteko. Datorren hilaren 8an (ostirala) 18:30etatik aurrera, ‘Irun prekarietateari aurre eginez’ jardunaldia egingo dute.
Irun Gipuzkoako langabezia indize altuenetarikoa jasaten duen hiria dela nabarmendu dute egitasmotik. Bide horretan jarraitu ezkero, “lurraldeko periferia” izatera pasako dela diote. Era berean, emakume zein gazteen lanbide egoera salatu nahi izan dute eta asteleheneroko pentsiodunen mobilizazioak txalotu. Bizirauteko, Irunen, ehunka familiek laguntzetara jotzen dutela esan dute, eta langile pobreen kopurua geroz eta nabarmenagoa dela.
Irunen erresistentzia adibide ugari daudela diote, borrokaren bitartez aurrera egiteko aukera badagoela. Horren adibide gisa aipatu dute eskualdean ekonomia sozial eta solidarioaren hazkuntza.
18:30ean, prekarietatearen aurkako azken urteko borrokaren inguruko gogoetak egingo dituzte, solasaldi formatuan. Ondoren, 19:00etan, ondorengo gaiak jorratuko dituzte, eztabaida gisan: etorkinen egoera, pentsiodunen mugimendua, sindikalismoa, ekonomia sozial eraldatzailea eta gizarte eskubideak (Erletxearen eskutik).