Atzo aurkeztu zituzten datorren denboraldirako Santiagotarrak Kirol Elkarteko talde guztiak, 50. urteurrenerako liburua aurkezteaz gain.
Taldeko kategoria eta modalitate guztietako argazki familiarra atera zuten.
Atzo aurkeztu zituzten datorren denboraldirako Santiagotarrak Kirol Elkarteko talde guztiak. Aurreko urteko errepasoa egiteaz gain, aurtengo talde eta arraunlari guztien aurkezpena egin zuten, Amaia Kultur Zentroan. 19:30ean hasi zen ekitaldian taldeko presidentea, Jose Antonio Santano alkatea eta kategoria eta modalitate bakoitzeko entrenatzaileak izan ziren.
Ekitaldian, lehenik eta behin, eskerrak eman zizkieten Amaiara gerturatutakoei, eta batez ere Santiagotarrak talde lehiakor egiten duten kirolari guztiei. “Bidasoa da gure etxea”, esanaz hasi zuten ekitaldia. Modalitate bakoitzeko aurkezpenekin hasi baino lehen, Manu Etxeberria oriotarrak idatzitako klubeko 50. urteurreneko liburuaren berri eman zuen. Taldearen urteurrena 2016ean izan zen, baina lan handia izan da azken 50 urteak liburu bakar batean txertatzea. Liburuak
Santiagotarrak 50 urte Bidasoan izena du eta dagoeneko klubeko bulegoetan eta nahiz taldearen web orrialdean eskuragarri dago. Hamar kapitulu ezberdinetan banatu dute irakurketa, eta 200 argazkitik gora ikusi daitezke bertan.
Liburuaren aurkezpena egin ostean, Olatz Zabala klubeko presidentearen txanda izan zen. Zabalak klubak “eskualdean erreferente” izateko helburua “erabat lortu dugula” aipatu zuen, “50 urteko historia luze honek dioen bezala”. Presidentearen hitzen ostean, modalitate bakoitzeko entrenatzaileak igo ziren oholtzara. Ur bizietako piraguismoa, ur lasaietako piraguismoa eta arrauna dira Santiagotarrak taldeko kirolariak lehiatzen diren modalitateak. Bakoitzean, adin ezberdinetako gazte eta ez hain gazteen azken urteko errepasoa egin zuten, bideo batzuen bidez. Lortutako domina eta garaipen esanguratsuenak aipatu zituzten, datorren denboraldirako motorrak berotzen hasteko.
Azkenik, Jose Antonio Santano Irungo alkateak hartu zuen hitza. Santiagotarrak Kirol Elkarteak Bidasoan duen garrantzia nabarmendu zuen, “gora Santiagotarrak!” oihuarekin bukatzeko.
Ekitaldia amaitzeko, modalitate eta kategoria ezberdinetako kirolari guztiak igo ziren agertokira, datorren denboraldiko argazki familiarra ateratzeko. Aurten 250 kirolaritik gora lehiatuko dira taldearekin. Ea datorren urteko denboraldia, aurtengoaren ildo berberean doan.