Agur, Gaztefolk
Gaztefolk, momentuz, ez dute berriz ere egingo. 20 urteko bidearen ondoren, Eraiki Dantza Taldeak antolatzen zuen jarduerak ateak itxi ditu. Finantzazio eta boluntario arazoak dituzte.
Eraiki Dantza Taldeak jakinarazi du Gaztefolk Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdia epe jakinik gabe etengo dela, ez dutela berriz ere egingo momentuz. Oscar Lucas Gainza Gaztefolk-en presidenteak bidalitako ohar baten bitartez eman dun erabakiaren berri. Bi arrazoi nagusi izan dira hogei urtez luzatu den iniziatiba momentuz albo batera uzteko: batetik, finantzazio edo diru iturriak lortzeko zailtasunak; bestetik, boluntarioen eskasia jaialdia behar bezala gara dadin. Jaialdiaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete 20 urteotan jaialdia egiteko indarra eman dietenei, “horien esfortzua eta borondatea gogoratu eta goraipatzea bestetik ez zaigu geratzen. Irunen eta munduan asko eta asko gara abentura honetatik oroitzapen positibo, epel eta maitea gordeko dugunak”. 1997an hasitako bidean mundu hobe bategatik lan egin dutela adierazi dute Gaztefolk-eko kideek, “mundu hau hobea egingo duten hazi berriak aterako direnaren esperantza ere badaukagu”. Agur oharrean, Gaztefolk-en azken edizioaren balorazioa ere egin du ekitaldiaren presidenteak. Ondoko PDFan, kolaboratzaile eta lagunei helarazitako ohar oso-osoa, PDF formatuan.