Menchu Gal aretoan Rosa Valverderen lanekin erakusketa zabalduko dute hilaren 10ean. Emakumeen beste bi mostra jasoko ditu aurten aretoak.
Gaurko aurkezpenean, Isabel Sagues, Juncal Eizagirre eta Helena Elbusto.
Gaur aurkeztu dute hilaren 10ean zabaldu eta ekainaren 10era arte ikusgai egongo den erakusketa Menchu Gal aretoan. Rosa Valverderen lanek hartu dute eraikinaren espazio bertikal eta horizontala.
Rosa Valverde. Reflejos: vida y creación izenburua du mostrak. Erakusketa hori aurkezteaz gain, udaleko eta aretoaren arduradunek esan dute Menchu Galen aurten izango diren erakusketa guztiak emakumeen lanenak izango direla, hiru orotara. Aurreko urteetan, Gaur taldeko kideen lana bildu dituztenak jaso ditu batez ere alde zaharreko aretoak.
Rosa Valverde (Donostia 1953-Azkaine 2015) kulturan emari handiko familiakoa izan zen. Eta Irunekin harreman estua izan zuen, besteak beste hirian zegoelako familiaren Valverde inprenta, eta Rosaren aita Antoniok El Bidasoa aldizkarirako ilustrazioak egiten zituelako. Baina Valverdek bere kabuz egin zuen bidea margoketan, hainbat alorretan sakonduz, eta horietan haren nortasuna ezarriz: koadroak, hiru dimentsioko objektuak, bionboak… Bizi-bizia da, beraz, erakusketa, Rosa Valverderen sorkuntzekin, bizitzarekin eta izaerarekin fidela. 2003an ere, baiona Amaia Kultur Zentroan, jarri zuten sortzailearen lanekin erakusketa Irunen.
Gaur bertan, martxoaren 8arekin, aurkeztu dute erakusketa. Horretarako agerraldia egin dute Menchu Galen bertan. Bertan izan dira Helena Elbusto erakusketaren komisarioa, eta Isabel Sagues Valverderen iloba. Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak eman ditu udalaren partetik azalpenak.
Ekainaren 10era arte, ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik aretoa, eta igande nahiz jaiegunetan 11:30etik 13:30era.