Batzarraren helburua planaren gaineko informazioa trukatu eta parte hartzaile guztien artean erantzun bateratua adostea dela azaldu dute deitzaileek.
Donostialdea eta Bidasoa Beheko Zatikako Lurralde Planak, ZLP, eragina izango duen herrietako talde eta eragileek batzarra deitu dute hilaren 14rako, asteazkena, 19:00etan Txerrimuñon. Batzarraren helburua planaren gaineko informazioa trukatu eta parte hartzaile guztien artean erantzun bateratua adostea dela azaldu dute deitzaileek.
Horren harira, ZLPa azaroaren 15 arte izango dela informazio publikoan esan dute, eta alegazioak aurkezteko epean dagoela beraz. Gogora ekarri dute halaber, planak zuzenean eragindako hamahiru udalerrietan herritarren artean oposizio garrantzitsua piztu duten hainbat egitasmo jasotzen dituela: “Irundik hasi eta Usurbil, Lasarte eta Andoainera hedatzen da plana eta besteak beste, Andoainen Sorbabillatik Bazkardora N-1 errepidearen trazadura berria, Zubietako errauskailua, AHT, Auditz -Akularreko egitasmo urbanistikoa, Donostiako erdigunetik metroa eraikitzeko proiektua, Lezo-Gaintxurizketan, Zubietamendin, Irunen eta Urumea bailaran estrategikotzat ematen dituen eremuetan poligono logistiko erraldoiak aurreikusten ditu”.
Auzo eta herrietan erresistentzia
LZPrekin ados ez dauden eragile eta norbanakoak batu beharra premiazkoa dela uste dute batzarra deitu duten herritarrek. “Planak dituen eragin kaltegarriengatik nahiz inposatu nahi duen garapen ereduagatik, errefusatzeko arrazoi komunak ditugu”, gaineratu dute. Batzarra egiteko ideia berriz, irailean Gaintxurizketako baserri lurren defentsan egindako topaketan sortu zela esan dute, “LZPk bultzatzen duen garapen ereduaren eta lurraldearen okupazio bortitzaren aurrean beharrezoa da indarrak biltzea, eta gure auzo eta herrietan erresistentziak sortzea”.