Hilaren 15era arte eman daiteke izena Mintzalagunan. Bertan parte hartzeko bi baldintza daude: euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta astean ordubetez biltzeko konpromisoa hartzea
Iazko mintzalagunek agerraldia egin dute, herritarrak animatzeko
Zurekin hitz egin nahi dut leloarekin, Hondarribiko Mintzalagunan izena emateko kanpaina abiatu du udalak. Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin batera antolatzen du udalak egitasmoa. Hala, hilaren 15era arte eman daiteke bertan izena. Parte hartzeko baldintzak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta astean ordubetez biltzeko konpromisoa hartzea.
Herrian euskararen erabileran eragitea du helburu Mintzalagunak. Eta bi partaide mota daude: euskaraz hitz egiteko jariotasuna eta ohitura bilatu nahi dutenak batetik, eta bestetik besteak laguntzeko prest daudenak.
Aurreko ikasturtean 76 lagunek parte hartu zuten Mintzalagunan, aurrekoan baino 22 gehiagok. Hortaz, udalak aurreko urteko parte hartzearen balorazio positiboa egin du, eta herritarrak animatu ditu parte hartzera.
Izena emateko edo informazio gehiago lortzeko bi bide daude.
Mintzalagunaren posta elektronikora idatz daiteke, edo 943 11 12 24 telefono zenbakira deitu.