Real Unionek eta Realak bihar Galen elkarren kontra jokatuko dute, 20:45ean hasita. Talde irundarraren mendeurrenaren barruko ekitaldia da.

Unionen eta Realaren elastikoak, atzoko aurkezpenean
Bihar (larunbata, hilak 18), Real Union eta Real Sociedad taldeek partida jokatuko dute Galen (2o:45ean, ETB1). Lehiaren arrazoiak bi dira, bata pisuzkoa, bestea kirol arlokoa: lehen arrazoia, nagusiena da Real Union mendeurrena ospatzen ari dela, eta biharko partidarekin jokatu zuen lehen partida ofiziala —1915eko ekainaren 29koa— gogoan izango dutela. Hain zuzen, Realaren kontra jokatu zuten lehen partida ofizial hori txuri-beltzek, 6-1 irabaziz. Bestalde, aurredenboraldiko prestaketarako baliatuko dute lehia bi taldeek.
Hortaz, giro ederra espero da bihar Galen. Izan ere, Real Unionek aurretik ere girotu nahi duelako norgehiagoka. Hala, 19:30ean txaranga batekin kalejira aterako da futbol zelai aldera San Juan plazatik, eta behin Galera iritsita, pintxo pote bereziaz gozatzeko aukera izango dute futbolzaleek eta hara hurbildu nahi duen orok.
Atzo aurkeztu zuten partida bi taldeetako ordezkariek, Ricardo Garcia Unionen presidentea buru zela, eta alboan zituela Joan Dominguez jokalari irundarra, Realeko Xabi Prieto eta talde donostiarreko ordezkari Joseba Ibarburu nahiz Unioneko agintari Jose Luis Reinosa. Denek ala denek partida ederra eta gogoangarria izango dela baieztatu zuten, eta aldi berean 2015-2016 sasoia prestatzeko baliagarri izango dela.
Sarrerak gaur eta bihar eros daitezke Galeko txarteldegian. Gaur, 17:00etatik 19:30era, eta bihar goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 18:00etatik partida hasi arte. 12 eta 15 euroko balioa dute tiketek.