Azoka zabalduta, hasi da Dies Oiassonis
Dies Oiassonisen azoka zabaltzearekin batera, hasi da erromatarren jaialdiko egitarau ofiziala. Gaurtik igandera arte luzatuko da.
Dies Oiassonis, Irungo Erromatar Jaialdiaren seigarren ekitaldia ofizialki hasi da gaur, igandera arte. Aurreko egunetan egin dituzte jaialdiarekin lotutako hainbat jarduera, baina gaur, Erromako azoka zabaltzearekin, abiatu da Dies Oiassonisen ekitaldi sorta Eta hori inauguratzen Irungo alkate Jose Antonio Santano, udaleko Garapen Ekonomiko eta Turismo ordezkari Miguel Angel Paez, Bidashop-eko ordezkari Ruben Fraile eta Nagore Loidi nahiz azokaren kudeatzaile Balconet enpresako Juan Cantero egon dira. Gaurtik igandera arte egongo da zabalik azoka. Oiasso Museotik, Santiago kaleraino jarri dituzte bertako postuak, eta hainbat produktu erosteko aukera emateaz gain, Dies Oiassonis girotuko du. Baina azokaz gain badira erromatarren jaialdian hamarnaka ekitaldi, modarekin, gastronomiarekin edo besterik gabe erromatarren garaiko kultura eta ohiturekin harremana dutenak. Horiek behean dagoen PDFan, Dies Oiassonisen egitarauan, ikus daitezke.