EH Bilduk Irungo Alarde Parekideari eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiari harrera egiteko egindako eskaera atzera bota dute EAJk eta PSE-EEk. Bidasoko Hitza.
Irungo Alarde Parekidearen hasiera
EH Bilduren ekimenez, atzo batzar nagusietan eztabaidatu egin zen bai Irungo Alarde Parekideari nahiz Hondarribiko Jaizkibel konpainiari alardeen egunean harrera egiteko aukera. Zehazki, Eider Mendoza batzar nagusietako presidenteak horiei harrera egitea zen koalizioaren asmoa. EAJk eta PSE-EEk proposamen horren kontra egin zutenez, ez zen atera aurrera. Horren irakurketa egin du EH Bilduk: “Benetan kezkagarria da batzar nagusiek kontra egitea harrera proposamen bati, emakume eta gizonen parte hartze parekideak burutzeagatik”.
EH Bilduko Ainhoa Beolaren hitzetan, EAJk eta PSE-EEk “ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen tamaina honetako eskubide urraketak gertatzen diren bitartean”, eta adierazi du batzar nagusiek “gipuzkoar ororen oinarrizko eskubide zibilen babesle” izan behar dutela.
“Atzerapausorik” ez emateko eskatu du horrenbestez Beolak, “erantzukizunez eta herritar guztien askatasuna babestuz”. Izan ere, EH Bilduren arabera, aurreko legealdian “aurrerapauso nabarmenak” egin ziren zentzu horretan, eta “atzera egitea” leporatu die EAJ eta PSE-EEri.