Soroxarta parkean egingo dute familia giroa, aisia eta kultura, parkeetan, uztartzeko egitasmoa.
Girabiraren lehen saioaren prestaketa lanak.
Larunbatean egingo dute, hilaren 11n, Girabira egitasmoaren aurtengo bigarren ekitaldia, Soroxarta parkean. Zirkua izango du ardatz saio horrek, eta 12:30etik 17:00etara alor horretako ikuskizunak egingo dituzte, besteren artean, parkean. Txikis del Bidasoa eta Ezmugak kolektiboek eta udalak antolatu dute Girabira berria.
Goizean zehar musikaren txanda izango da parkean. Oscar Benas eta Los Herejes taldeek lehen doinuak joko dituzte 12:30ean, Ondoren, musika ibiltariaren txanda: Elektropatxarangak parke osora zabalduko du erritmoa eta alaitasuna.
Zirkuarekin lotutakoak, arratsalderako. 14:30ean hasita, malabarrak, globoflexia eta bestelakoak egingo dituzte Jaxenolaf-en eskutik. Armiarma taldeko kideek oreka ariketak egingo dituzte, eta parte hartzaileei egin araziko dizkiete, baita trebetasuna landu ere diabolo, pilota eta bestelakoekin. 16:00etan, berriz, Berto magoak Narizzeto Teatro konpainiarekin batera ikuskizuna emango dute eguna bukatzeko.
Ezagutzarako tartea ere izango da Girabiraren bigarren saioan, Zirkoteka izeneko atalean zikuari buruzko liburuak eta bestelako osagaiak izango direlako bertan.
Girabiraren helburua da egun pasa atsegina egitea Irungo parkeetan, familia giroan, gai bat hartuta, uda sasoia baliatuz. Hortaz, bertan egongo direnei gomendatu diete etxetik jatekoa eramateko, bazkarirako. Antolatzaileek iragarri dute taberna zerbitzua egongo dela jarrita Soroxartan.